Bloga

Oparotasuna denontzat – Manifestu interkooperatibista

Want create site? Find Free WordPress Themes and plugins.

Uztailaren 1ean, kooperatiben nazioarteko eguna den honetan, Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzen dugun Olatukoop sareko kideok, kooperatibek duten eraldaketarako indarra aldarrikatu eta denekin ospatu nahi dugu. Kooperatibismo eraldatzailea osatzen dugun guztiokin, baina baita kooperatibak existitzea posible egiten duten komunitate eta jendartearekin.

Langileak elkarlanean, beren beharrak asetzeko antolatu izan dira askotan, ezkutatu izan zaigun historiako milaka adibideek erakusten duten bezala: kontsumo-kooperatibak, mutuak, zerbitzu kolektiboak eskuratzeko kooperatibak, finantza-egitura kooperatiboak… Antolatutako langileek, eraikitako esperientzia horiek guztiekin, beraien bizi egoera hobetzea lortu dute, eta batzuetan, baita jendarte osoarentzako aldaketa esanguratsuak martxan jarri ere.

Horien artean, bereziki garrantzitsuak dira elkarrekin lan egiteko biltzen diren kideen artean eraikitako lan kooperatibak,. Izan ere, esperientzia horiek, eraldaketa kolektiborako bideak irekitzen dituzte, eta, gainera, hortik ateratako emaitzak oparotasuna sortzeko biderik garrantzitsuenetakoak dira.

Oparotasuna, bai, baina denontzat. Sistema kapitalistaren metatze prozesuen aurrean, sortzen dugun aberastasuna egoki banatzean eraikitzen den oparotasuna proposatzen dugu; inor atzean utzi gabe, aurtengo leloak esaten duen bezala. Horregatik, lana gure eskuetan hartu eta antolatzea erabaki dugunok, pertsonen arteko esplotazioa arbuiatzen dugunok, ezin dugu desberdintasunen sorreran eta esplotazioan oinarritutako sistema honek baztertzen dituenak albo batera utzi.

Uztaila, uzta jasotzen den garaia da, oparotasun garaia, beraz. Aurten, eta hemendik aurrera urtero, uztailaren 1ean, gurekin batera, kooperatibek duten izaera eraldatzailea eta oparotasuna ospatzera gonbidatzen zaituztegu. Denontzat nahi dugun oparotasun hori eraikitzen ari garela ospatzeak, egiazko bihurtzen baitu bidea bera; ospatzen ez dena, ez baita existitzen!

Oparotasuna denontzat!

Did you find apk for android? You can find new Free Android Games and apps.

Profile photo of olatukoop

3

Olatukoop

Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop sarea. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Horregatik enpresa proiektuak komunitate bezala izendatzen ditugu, ohiko enpresak baino askoz gehiago baitira eredu honetan.


Leave a Reply