Bloga

Kataluniako Ekonomia Sozial Eraldatzailearen manifestuari atxikimendua

Want create site? Find Free WordPress Themes and plugins.

Kataluniako Ekonomia Sozial Eraldatzaileko erakundeetako kide eta kooperatibistek manifestua kaleratu dute datorren urriaren 1erako deitutako autodeterminazio erreferendumaren harira. OlatuKoopeko kideok gure babes eta elkartasun interkooperatibista adierazi nahi diegu, eta manifestuarekin bat egiten dugula jakinarazi.

Gure bizitza proiektuetan egunero lantzen ditugun demokrazia eta burujabetza printzipioekin bat egiten duen aurrerapauso kolektiboa egitera doaz Katalunian, eta emantzipaziorako bide horretan ondoan izango gaituzte. Ekonomia Sozial Eraldatzaileak aukera paregabea du Katalunian herritarrek sortutako errepublikan potentzial eta aukera eraldatzaile guztia erakusteko. Horregatik, atxikimenduaz gain, OlatuKoop eta Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzaileko kolektibo eta kooperatibisten ezagutza, baliabide eta elkartasuna eskainiko ditugu, beharrezkoa dutenean elkarlanean aritzeko.

Azkenik, dei egiten diogu Euskal Herriko mugimendu kooperatibista osoari eta kooperatibista guztiei, manifestuaren aldeko atxikimendua publikoki adierazi, zabaltzen lagundu eta baliabide propioekin elkartasuna ematera.

Ekonomia Sozial Eraldatzailearen manifestua, erreferendumaren eta independentziaren alde

Kataluniako Gobernuak datorren urriaren 1erako deitutako autodeterminazio erreferendumaren harira, eta Espainiako Estatuak berau ekiditeko behin eta berriz egindako saiakeren aurrean, manifestu hau sinatzen dugunok, guztiok kooperatiba eta Ekonomia Sozial Eraldatzaileko erakundeetako partaideak, honako hau adierazi nahi dugu:

  1. Urriaren 1eko erreferendumaren alde gaude, diferentzia politikoak, debekuen gainetik, demokratikoki konpontzen direlako, bozka bidez; guk geuk gure entitateak demokratikoki kudeatzen ditugun moduan, edota gure taldeen baitan gerta daitezkeen gatazkak konpontzen ditugun moduan.

  2. Sinatzaileok ideologia, hizkuntza, kultura eta sentimendu identitario ezberdinetakoak gara eta, Katalunia eta Espainiako Estatuaren arteko harremanari dagokionez, oztoporik gabeko egoeran bageunde, ziur aski aukera anitzak hautatuko genituzke; harreman federalei eustea hautatuko lukete batzuk, harreman konfederalaren alde egingo lukete beste batzuk, hirugarren batzuk independentziaren aldeko apustua egingo lukete, baita Herrialde Katalaneko gainerako lurraldeekin konfederazioa aldarrikatu ere beste batzuk. Hala eta guztiz ere, egungo egoeraren aurrean, gero eta autoritario, ustel, atzerakoi eta zentralistago jokatzen duen Espainiako Estatuaren aurrean, gure ustez, Kataluniaren independentzia da, hots, Katalunia estatu independente errepublikanoa bilakatzea da herrialde honetako herri-sektoreentzat, baita Espainiako Estatukoentzat ere, aukerarik onena.

  3. Anitzak dira, zalantzarik gabe, gutako bakoitzak independentziaren alde egiteko arrazoiak; hala ere, Ekonomia Sozial Eraldatzaileari lotutako pertsonak izanik, gure entitateen berezko balioen oinarri diren lau arrazoi orokor partekatzen ditugu: demokrazia, konpromiso soziala, ahalduntze kolektiboa eta eraldaketa soziala.

  4. Errepublika Katalan independentea sortzen badugu, demokrazian sakonduko dugu, frankismoaren oinordeko dugun estatu autoritarioaren soka moztu eta erregearen menpeko izatetik errepublika bateko herritar izatera pasako baikara. Guztion parte-hartzeari esker, herrialde duinagoa eraiki eta 1978ko Espainiako konstituzioa baino konstituzio justuagoa, sozialagoa eta demokratikoagoa osatzeko aukera izango dugu.

  5. Errepublika Katalan independentea sortzen badugu, gehiengoaren bizi-baldintzak hobetuko ditugu, zerga-espoliazio sistematikoarekin amaitu eta baliabide gehiago izango dituelako Kataluniak, pobrezia eta desberdintasun sozialari irmotasunez aurre egiteko. Kontuan hartu behar dugu politika horiek erakunde zein kaleko indar-korrelazio aurrerakoiagoaren ondotik etorriko direla, Espainiako Estatuan, bere osotasunean hartuta, dagoen indar-korrelazioarekin alderatzen badugu.

  6. Errepublika Katalan independentea sortzen badugu, ahalduntze kolektiboaren prozesuari emango diogu bide, joko-arau zaharrak berriz definitzeko aukera zabalduko da, ordena politiko, sozial, kultural edo ekonomikoari dagokienez. Ekonomia Sozial Eraldatzaileak aukera horretaz baliatzen jakin behar du, herrialde ekonomiko eta sozial berri justuagoa, demokratikoagoa eta jasangarriagoa eraikitze horretan eragile garrantzitsu bilakatu behar da.

  7. Errepublika Katalan independentea sortzen badugu, sozialki desberdintasunak areagotzen dituen, politikoki ustela den, ekonomikoki predatzailea den eta patriarkatuak harrapatua duen sistemari aurre egiteko aukera izango dugu. Herritarren beharrizanetatik abiatuta eraldatu nahi dugu sistema. Hori dela eta, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ikuspegitik, herritar guztien eskubideak errespetatuko dituen Errepublika Katalan independentea diseinatzen eta berau errealitate egiteko erabakiko diren politikak osatzen parte hartu nahi dugu.

  8. Hori guztia dela eta, urriaren 1ean bozkatzeko eskubidea defendatzera animatzen ditugu herritarrak, egun Espainiako Gobernuak mehatxupean duen eskubidea defendatzera. Eta Nahi al duzu Katalunia estatu independente bilakatzea? galderari BAI erantzutea proposatzen dugu, guk egingo dugun moduan.

  9. Azkenik, eta bakoitzak ahal duen heinean, erreferenduma deitu eta antolatzeagatik errepresaliak paira ditzaketen pertsonei gure babesa emateko konpromisoa hartzen dugu.

Bartzelonan, 2017ko irailean

[*] Kataluniako Ekonomia Sozial Eraldatzaileko hainbat agenteek publiko egin eta zabaldu duten manifestua. Aula d’idiomes proiektu kooperatiboak euskarara itzulia.

Did you find apk for android? You can find new Free Android Games and apps.

Profile photo of olatukoop

0

Olatukoop

Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop sarea. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Horregatik enpresa proiektuak komunitate bezala izendatzen ditugu, ohiko enpresak baino askoz gehiago baitira eredu honetan.


Leave a Reply