Bloga

Sortu, Eraldatu, Elkarbanatu

Sakontze Eguna

Maiatzaren Lehenean, Langileen Borrokaren Nazioarteko egunean, OlatuKoop osatzen dugunok Sakontze Eguna ospatzen ari gara. Langileek ordura arte ez zituzten eskubideak borrokatu eta lortu izanagatik gaude gaur gu hemen. Horiek bezala, guk gaur jauzi bat gehiago eman eta produkzio baliabideak gureak direla aldarrikatu nahi dugu.

Gure apustua argia, Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea da. Ekonomia, pertsonak erdigunean jarri eta horien beharren arabera egituratu behar dela diogu, sistemaren beraren eraldaketa bilatzen duen ekonomia mota bat sustatzen dugun aldi berean. Jarduera ekonomikoa duten eta modu eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibak gara. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburu nagusiak.

Porrotera garamatzaten ekintzailetza ereduen eta desberdintasuna areagotzea helburu duten eredu ekonomikoen aurrean, langileontzako autonomia berreskuratuko duten egitura ekonomikoak sortzea beharrezkoa dela uste dugu. Horregatik gaur, momentu hartan ezinezkoa ziruditen lorpenak borroka bidez lortu izana ospatzen dugun honetan, borroka, sortzea dela aldarrikatu nahi dugu.

Gaurko manifestazioetan, fabrika okupazioetan, kaleko ekimenetan eta horien atzean isilean zaudeten guztiekin batera gaude. Gazte prekarizatua, emakume zapaldua, etxegabetua, kaleratua, langabea… Zuen ondoan gara. Lanpedusako hildakoak, Baltimoreko borrokalariak, Kurdistango erresistentzia, Hego Amerikako iraultzak… Zuekin gaude, zuek gara eta elkarrekin izango gara!

Gora Maiatzaren Lehena!

Sortzea ekitea delako!

Sortu, Eraldatu, Elkarbanatu!

2015 maiatzak 1

Arrigorri Ostatu Jatetxe Kooperatiban

Ondarroa, Mundua

1

OlatuKoop

Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop sarea. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Horregatik enpresa proiektuak komunitate bezala izendatzen ditugu, ohiko enpresak baino askoz gehiago baitira eredu honetan.


8 comments

Leave a Reply